XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Letraren hedapen orokorraren barnean, euskaldunak ere atxikimendu handiagoa erakutsi zuen, baina, oraingo egoera honetan ere, gure literatura inguratzen duten haietan bezala, mailak berezi behar direlakoan gaude.

Euskal letra hedatu egiten da, baina hedapen honek oso neurri apalean besterik ez ditu aldatzen lehengo testua/jasotzeko modua harremanak.

Edo beste modu batera esanda: letra ugaltzen den neurri berean ez da ugaltzen irakurketa, aitzitik, lehen gertatzen zenaren antzera, idazkeraren sail handi bat entzupen publikora eramaten da.

Azken finean, letren hedapen honekin euskal hartzailearen jasotzeko modua eta euskal egileak adierazteko zeukan mundua baino gehiago aldatzen dena lehenek jasotzen dituzten eta bigarrenek egiten dituzten tramankuluen euskarria da.

Hau da, euskarri berria dute tramankulu horiek, baina, askotan, euskarri-modu berri horrek ez ditu gehiegi aldatu, ez jasotzeko moduak, ez egileen baliabide erretorikoen erabilerak, ez adierazteko moduak, ez sortzen dituzten munduak.

Bestela esanda, ez bakarrik, baina, bai nagusiki, letraren herritartzearen aurrean gaude eta ildo honek ez zuen ekarri euskal literaturara berebiziko aldaketarik igorle/hartzaileen harreman-modutan, ez testuen itxuratze-modutan.

Gatozen xehetasun handiagotara eta XIX. mendean gure literaturak jasandako aldaketen argitan ikustera egindako baiezpena.

Euskal XIX. mendeak dakarren hainbat berrikuntza, (elizgizonak ez diren idazleak hartzen doazen tokia, hitz-neurtuaren ugalpena, hizlauaren hesiak haustea, hitz-neurtua dastatzeko zaletasunaren zabalpena...), lehenaldiari so eta lehenaldiaren argitan honela planteatuko genuke: orduan bezala ahozko munduak fikziozko tramankuluak sortzen, igortzen eta jasotzen jarraitzen du, baina banaketa-modu orokor honetan, geroz eta gehiago ari da letra ahozko munduaren zerbitzutan jartzen eta mundu idatzia beste alor batzuei ateak irekitzen, eta mundu honetan jakintzaren esparruaren nagusitasuna nabaria bada ere, lekugune hori banatzen hasten da poliki-poliki.

Letra ahozko munduaren zerbitzutan jartzea ez da zentzu absolutuan guztiz berria euskal literaturan, jadanik azaldu dugunez.

Etxeparek, Ziburuko Etxeberrik... hori egin zuten gure ustez, baldin eta sortu zituzten idazlanak zuzentzeko hobetsi zuten jasotzeko modua kantuaren bidez erreferentzi puntutzat hartzen bada.

Baina, orain, mugaz haranzko eta honanzko Lore-Joko et Euskal Festekin, sariketa literario hauetatik at geroz eta indar handiagoa hartzen doan bertso-paperekin... areagotu egiten da.

Lehiaketa literariotan saritutako bertsoak kantatu edo errezitatu egiten dira, bertsopaperak kantatu...

Letra ahozko mundua igortzeko tresna berri bihurtu da.

Jakin badakigu, Etxeparek edo Ziburuko Etxeberrik paratutako hitz-neurtu eta aipagai ditugun hauen artean badela alderik, lehenak gehienetan landuagoak direla bigarren hauek baino.

Lehenbizikotan poema-sortak aurkitzen ditugu, bigarrenak ez dira igarotzen banakako bertsotik, ez dago sortarik, multzorik.

Lehenak egile ikasiengandik datoz, ez horrela bigarrenak.

Izan ere, salbuespenen bat ez bada, oso eskola gutxikoak bait dira... baina jasotzeko modu amankomun bati zuzenduak egoteak ezartzen du batzuen eta besteen arteko kidetasun-haria.

Bada mailakatze bat, baina letra ahozko munduaren zerbitzutan jartzeak lotzen ditu: neurri tradizionalez, prozedura narratiboz, jakinekoak diren metaforaz... ehotako bertsoak dira.

Orain, XIX. mende honetan, eta bereziki, bere bigarren erdian ugaldu egiten da bertsoa, maila, handi batean Lore-joko eta Euskal Festak eskainitako babesari esker.

Ugaltze honekin batera bertsoarekiko zaletasuna zabaldu egiten da eta hedapen-testuinguru honek emandako emaitzak ez dira uniformeak: bada alderik Karmelo Etxegaraik arbuiatzen dituen bertso-paper eta Jean Baptiste Elissanburu edo Antonio Arzaken hitz-neurtuen artean.

Bertsoaren loraldi honek ez zuen ekarri poema-libururik, batasun baten azpian paratutako poema-sailik, ez zen egon gairik poema luzeren batez harantzako irudimenik sortu zuenik,...